Okupatzeko arrazoiak


Mendez mende, okupazioa herri ezberdinetan garatu da, herri hauen bizitzen burujabetasuna berreskuratzeko. Tresna, taktika eta praktika bat da, eta borrokak bizitzeko era bat. Aspalditik, Europan eta munduko hainbat txokotan okupazio mugimenduak izan dira garapen kapitalistaren kontrako ikurra, herri bakoitzaren mugimendu sozial zein politikoari ekarpena eginez. Okupazioa, jendarte esparru zabalek bere egin duten tresna politikoa izanik, gaur egun pairatzen dugun menekotasun zein suntsiketa pertsonalari aurre egiteko tresna izan da. Bizimodu berri bat eraikitzeko, garapen urbanistikoari stop esateko, jabetza pribatuaren aurrean alternatibak irudikatzeko eta praktikan garatzeko tresna bat. Kontsumo kulturari zein diruaren irabazi nahiari aurre eginez, okupazioa, autogestioaren praktika iraultzailean oinarrituz, gaurko ekonomia dominantearen hatzaparretatik ateratzen doa.


1- Etxe okupatu bat gaur egun indarrean dagoen sistema ekonomiko basati honen kontrako oihu borrokalari eta duin bat da. Ekonomia globalizatu honek gure bizitzen gaineko kontrola ezartzeaz gain, gure soldata/diruaren ehuneko handi bat etxe bat ordaintzera bideratzera derrigortzen gaitu, etxebizitza eskubide soziala eta bizitza duina garatzeko ezinbestekoa izan arren. Okupazioa logika kapitalistaren aurrean ezadostasuna adierazteko eta geure bizitzak matxinatzeko tresna da, merkantziaren logika apurtu eta bakoitzaren beharrizanak asetzeko erabiltzen dugularik. Gaur egun dagoen eskaera eta eskaintzaren arteko dialektika apurtzeko jarrera da, diru trukearen espazioa apurtzeko eta txantaje ekonomikoaren gunetik urruntzeko, azken batez, hemendik kanpoko erlazio berriak sortzeko.


2- Espazio okupatu bat, historia gogoratzeko eta berridazteko tresna politikoa da. Historikoki mundu osoan zehar, okupazioa hainbat bidegabekeriaren aurrean gure bizitzen existentzia baieztatzeko erabili da: nekazariek, mundu osoan zehar, okupazioak erabili dituzte desjabetza prozesuei aurre egiteko; 70eko hamarkadan, jai batzordeek zein auzoko kolektibo ezberdinek etxeak okupatzeari ekin zioten; langile mugimenduak ere patronoek ekoizpena gelditu arren, lan tresnak bere egin eta aurrera ekiteko jarrera intsumitua eraiki dute,...


3- Etxe okupatu bat, borrokarako espazio bat zabaltzeaz gain, gaur egun sistema ekonomiko honek dauzkan kontraesanak agerian uzteko eta kontraesan horiek gainditzeko tresna da: ondasunen jabetza pribatuaren logika irrazionalari egurra emanez, ondasun publikoa praktikan bultzatuz, ondasun kolektiboa izan behar duen jendarte egitura berriaren zutoinak eraikiz.


4- Etxe okupatu bat, eskubideen pribatizazioaren politika kapitalistaren kontra altzatzen da. Okupazioaren indarrak egoera zapaltzailea eraldatzeko espazioa sortzen du. Izan ere, gaur egun gutxi batzuen mesedei begira eraikitako etxebizitza politika kolokan jartzen du, boterean dauden alderdi erregionalista zein estatalistei desgastea sortzen dien bitartean.


5- Guztioi jabe izatera derrigortzen gaituzte, bankuei 40 urtez ordaintzera derrigortuz. Horrela, hipotekaren esklabu bihurtzen gara, lan postua galtzeko etengabeko mehatxuan eta izututa bizitzera kondenatzen gaituztelarik. Beraz behar sozialen gainetik jabetza pribatua errespetatzen dugu, gure bizitza bera saltzen amaitzen dugularik.


6- Okupazioaren arma teorikoa etengabe elikatu behar da. Soilik arma hau herriak eskuetan hartzen duenean etorriko baitira aldaketa sozial zein politikoak, hau da, teoria praktikan aplikatzen denean eta praktika teoria iraultzaile baten gidaritzapean kokatzen denean. Teoriak zein praktikak bata besteari bidea irekitzen dio eta momentu historiko bakoitzak bere planteamendu espezifikoak eraiki behar ditu.


7- Beraz okupazioaren potentzialitate erasokor eta eraikitzailea askatzea ezinbesteko ikusten dugu. Ezinbestekoa da gure eskubideen ukazioarekin aberasten diren txerriei ahalik eta kontraesan gehien sortzea, gaur egun indarrean dagoen etxebizitza eredu merkantilistari aurre egiteko. Zanpaketan oinarritzen den eredu honen aurrean, gure eredu alternatiboa irudikatuko dugu. Eta eredu hau praktikan gauzatzea posiblea dela ikustaraziko dugu ahalik eta jendarte sektore zabalena okupazioaren ardatzean kokatzeko. Izan ere, etxebizitzaren ukazioa estrukturala izanik jendarte osoak pairatze du, beraz ezinbestekoa da modu kolektiboan erasoari erantzutea: indar harremanak irabazten, jendarte esparru zabalak geure planteamenduaren baitan kokatzen. Horrela, kapitalaren aurrean ahalik eta indar korrelazio handiena eraikiko dugu, soilik presioaren bidetik etorriko baita gure eskubidearen bermaren eszenatoki politikoa.


8- Beraz, gaur egun sasi kazetariak zabaltzen duten eztabaida publiko antzuak errotik mozteko eta eztabaidaren gakoak behar sozialaren parametroan kokatzeko erabiliko ditugu okupazioak. Izan ere, desinformazioarako zein burgesiaren mesedetarako eraiki diren komunikabideek errealitatea desitxuratu eta politika zapaltzaileak egunero defendatzeaz gain okupazioa jo puntuan kokatu dute. Aski da. Beraz, eztabaida geuk nahi ditugun parametroetan garatzeko mezu zein planteamendu berri bat eraikiko dugu: okupazioa ofentsibaren perspektiban kokatzea.


9- Okupazioa planteamendu aglutinatzaile baten beharra dauka, praktika politiko honek, proiektu politiko baten beharra eskatzen duelako. Honek sortuko ditu baldintza sozial egokiak okupazioa Bilbon areagotzeko eta okupazio horiek burutzen dituzten herritar multzoa biltzeko, herritarren inpotentzia eta honek sortutako gorrotoa askatzeko.


10- Okupazioa konfrontaziorako tresna eraginkorra izan behar du, geure praktikaren bitartez sortzen joango garelako geure eskubidearen berman eraiki nahi dugun jendarte antolaketa eta eredua. Geure planteamendua praktikara eramateak koste politikoak ekarriko ditu: herriak bidegabekerian oinarritzen den politikari bere eskubideak kudeatzeko daukan gaitasunarekin erantzungo dio. Espazio berriak irabaziz, haien politika atzerakoia begi bistan geratuko da, borondate falta baita politika hauek mantentzearen arrazoia.


Argi dago bide bakarra uzten digutela, okupazioa. Berau bultzatzeko eta eraginkortzeko eraiki da okupazio bulegoa. Bizitzak geureak direlako eta geure eskuetan hartu behar ditugulako okupatzeko ordua heldu da.



Hizkuntza

Materialak

Pegatak (ZIP 607 KB)

RSS okupazio bulegoa

Syndicate content