Bilboko Okupazio Bulegoa
Azken hilabeteetan sistemaren bozgorailu guztiek errepikatzen dute krisi ekonomiko larria jasaten ari garela mundu mailan. Finantza erakundeak, banketxeak, inmobiliariak, aseguro etxeak eta abar luze batek hondoa jo omen dute eta horrek eragin zuzena dauka gu guztion bizitzan. Izan ere, denon diruarekin eta denon esfortzuarekin konpondu behar dugu orain gutxi batzuen praktika ekonomiko zentzugabea. Eta hor kokatzen da, beste gauzen artean, eraikuntzan eta etxeen salmentan azken urteetan gailendu den kontrolik gabeko oihanaren legeak ekarri duen egoera jasangaitza. Etxeak neurri gabe eraiki, esku pribatuetan mantendu, prezioak igo eta herritar arruntak zorretan ito. Bitartean, etxe asko hutsik, inork erabili barik eta abandono egoeran. Bilbon adibidez 16.000 etxe inguru daude hutsik.
Etxebizitzaren beharraren arazo honi aurre egiteko eta aldi berean bere larritasuna agerian uzteko, hainbat herritarrek hutsik eta utzita dauden etxeak okupatzeko hautua egin behar izan dute. Horregatik ikusi dugu beharrezkoa okupazio bulegoa irekitzea.
Batetik, hutsik dauden etxeei erabilera eman nahi dieten pertsona horientzat aholkularitzarako tresna moduan funtzionatzeko (esparru tekniko eta juridikoan bereziki); eta bestetik instituzioen ezintasuna eta espekulazio basatia salatzeko etxebizitzaren alorrean.
Iruditzen zaigu denontzako eskuragarria izan beharko lukeen alokairu baxuko etxeen parke publiko zabal batek arinduko lukeela arazoa, eta instituzioek horren aldeko urratsik ematen ez duten bitartean jendarteak berak hartu beharko duela iniziatiba.
Bizileku duina izateko dugun eskubidea merkantilizatzearekin batera, gure bizitza bera hipotekatzen dugu, ekonomikoki erabat estututa egonda pertsona moduan gero eta ukatuago bizi garelarik. Etxebizitza, gure bizitza propioa garatzeko beste tresna bat izan behar da eta ez gure bizitza erabat baldintzatu eta ukatzeraino estutuko digun zama.
Bilboko okupazio bulegoa etxebizitzaren arazoari modu eraginkor eta zuzen batean aurre egin nahi dion edonori irekita egongo da, ostiralero seietatik bederatzietara (pilota kalea, 5). Gaiaren inguruko zalantzak, galderak eta jakingarriak elkartrukatzeko puntua izango da eta beti egongo da esparru juridikoan aditua den pertsona bat.
Horretaz gain, web orri bat ere sortu dugu (www. okupaziobulegoa .org). Bertan kontsultarako hainbat material aurkituko duzue, hala nola, hutsik dagoen etxe bat utzita dagoela jakiteko erak, sartzean kontuan hartu behar direnak, barruan zaudela jakin beharrekoak edo kanporatze bat ematekotan hainbat aholku praktiko.
