Okupazioa ez da delitua
"Jenderik gabeko etxea, etxerik gabeko jendea". Okupazioaren aldeko manifestazioetan oihukatzen den lelo honek gure gizartea pairatzen ari den etxebizitzaren arazoa-ren alderdirik gordinetarikoa ezin hobeki islatzen du. Izan ere, hipoteka zein alokairu prezioak milaka pertsonentzako etxebizitza lortzeko oztopo gaindiezina bihurtzen diren honetan, gure herri eta hirietan milaka etxebizitza inork erabili gabe, hutsik, eta kasu askotan abandonu egoera tamalgarri batean jarraitzen dute.
Horren aurrean, okupazioa agertu da askotan aukera bakarra. Jabeek era axolagabe batean abandonatutako etxeak okupatzea legezkoa den ala ez eztabaidagarria izan daiteke -epai askok okupei ematen die arrazoia, baina; hau da, jabeak bere edukitza eskubideari libre eta axolagabeki uko egiten badio ezin da kalteturiko ondasun juridikoaz hitz egin eta, beraz, ez dago inori delitua leporatzerik-, baina gure ustez eztabaidagarria ez dena neurri horren zilegitasuna da. Etxebizitzak erabiliak izateko eraikitzen dira, eta ez urte luzez bizirik gabeko hutsune goibelak izateko; gizakiok gure bizi-proiektua garatzeko esparru bat behar dugun era berean, etxebizitzak beraien eginkizuna guztiz betetzeko gizakiok erabiliak izan behar dira. Horregatik uste dugu gaia alderantzizko ikuspuntutik planteatu behar dela: galdera ez da abandonatutako etxe bat okupatzea zilegi den ala ez, baizik eta etxebizitza bat hutsik eta abandonatuta edukitzea zilegi den ala ez. Eta horregatik ere, gure herrian ez bezala, Europako hainbat herrialdetan legeak etxeak hutsik edukitzea zigortzen du, eta ez okupazioa bera.
Hauxe da Okupazio Bulegotik planteatzen duguna: gizarteak merkatuak zirkulaziotik kanpo utzitako milaka eta milaka etxebizitza horiek berreskuratzeko beharra. Horretarako, erakundeek beste alternatibarik eskeitzen ez diguten bitartean, guztiz zilegi deritzogu etxe horiek okupatzeari, beti ardurazko jarrera batetik eta beti, ahal den neurrian, okupatutako etxeen jabeekin akordio batera heltzeko bideak aztertzen eta proposatzen. Eta horretarako, gure orientazio eta sustengu osoa -bai arlo juridikoan, baita arlo "teknikoan" ere- eskeintzen diegu bide horretatik abiatzera animatzen diren pertsona guztiei, gizarte osoaren onurako pausoak ematen ari garela guztiz konbentziturik.
IƱaki Carro
Abokatua - Bilboko Okupazio Bulegoa
