Okupazioa ez da delitua


07 urria 2011, 20:05

Gaur, urriaren 7an hiru urte bete dira Okupazio Bulegoaren proiektua kaleratu zenetik. Hasiera batetik, hutsik dauden etxebizitzen okupazioaren zilegitasuna gizarteratzea izan genuen helburu nagusi; okupazioa ez da delitua lemapean. Mezu horrek inoiz baino biziago dirau. Izan ere:

1)    Legalki okupazioa zigortzeko erabiltzen den usurpazio delitua ez da beti aplikagarria, indarkeria, irauntzeko asmoa eta sartu izana demostratzea eskatzen baitu legeak.


2)    Delitua eskubideren baten urraketa ematen denean sortzen den kalteari dagokio eta usurpazioak jabetzarako eskubidearen urraketa zigortzea du. Baina etxebizitza bat urtetan bere baitan utzi duenean jabetza eskubide horri muzin egiten dio jabeak. Beraz, ez dago jadanik kaltetutako eskubiderik.


3)    Sistema kapitalistak  bizi duen gaitz endemiko honetan (kaleratzeak, etxebizitza hutsak banketxeen eskuetan egotea, langabezia, prekarietatea…) jabetza pribatua mugagabeko eskubidea ez dela gogoratu behar dugu, eta haren erabilpen soziala indartu behar dela. Ezin da onartu pentsamolde zahar, atzerakoi eta botere faktikoek beren interesen alde erabili duten honako ideia hau: jabetza norberaren izerdiz erositako objektua izanik ematen zaion ukiezintasun statusa eta, beraz, beharrizanak bultzatuta jendeak expropiatutako etxebizitza edo eraikin hutsen jabeak koitadutzat agertzea. Etxe bat hutsik egotearen kasuak hamaika izan daitezke, baina baita egoera horiei eman dakizkioken aterabideak ere. Okupazioak zentzu honetan, instituzioen pasibitatearen aurrean gizartearen jarrera aktiboa eta desobedientea bultzatzen du.


Zuzenbidea erabat interpretatiboa dela badakigu eta Okupazio Bulegoaren lana aholkularitza eta laguntza juridikoa ematea den aldetik, gure interpretazioari eutsiko diogu.


Honen harira ere honako hau salatu eta gizarteratu nahi dugu: interpretazioez haraindi Kukutza III gaztetxearen huste eta eraiste prozesuan eman den lege eta prozesu juridiko eta administratiboen erabilpena erabat interesatua izan dela, jabetza pribatuaren onura soilerako. Gertakari lotsagarrienak adieraztearren aipagarria da desalojo autoa deklarazioak jaso aurretik sinatuta egon izana edota eraiste baimena eman izana inguruan dauden etxebizitzei egin ziezaieken kalteari erreparatzen dion ikerketa aurkeztu barik (zeintzuei jadanik arrakala galantak atera zaizkien) eta ondoren eraiki behar diren etxebizitzen proiektua aurkeztu barik.


Kukutzaren proiektua ez da izan proiektu kultural hutsa, bizi proiektu propioa (kapitalismoaren lan/kontsumo dinamiketatik at) eraiki nahi izan duten gazteentzako aukera bat ere eskaini baitu azken pisuan zegoen etxebizitzak. Gaztetxearekin batera duela hamairu urte abiatutako proiektua.


Beraz, gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu Kukutza III proiektuaren defentsan apiriletik hona ibilitako guztiei, bereziki irailaren 21 eta 25aren bitartean atxilotu, identifikatu eta zauritutako guztiei.

Berriro diogu: OKUPAZIOA EZ DA DELITUA!



Hizkuntza

Materialak

Pegatak (ZIP 607 KB)

RSS okupazio bulegoa

Syndicate content